Saltatu nabigazioa

Luparik gabeko kimika

Aldaketa fisikoen eta kimikoen artean badago funtsezko desberdintasun bat. Aldaketa fisikoetan, substantziek itxura, forma edo kolorea alda dezakete, baina ez izaera; lehengo berberak izaten jarraitzen dute. Adibidez, ur likidoa lurrun bihurtzen denean, aldaketa oso nabarmena da, baina ura izaten jarraitzen du. Arkatza apurtzen dugunean, forma aldatzen dugu, baina ez materiala. Aldaketa fisikoez hitz egiten dugu orobat substantzia bat baino gehiago nahastu baina haien izaera aldatzen ez denean (gatza edo harea urarekin, adibidez), hau da, nahasketak banatzeko aztertu ditugun metodoen bidez hasierako substantziak berreskuratu daitezkeenean.

sal disolviéndose en agua
Chris 73. Salt In Water Solution  (CC BY-SA)
Torloju herdoildua
PublicDomainPictures . Torloju herdoildua (CC0)

Aldaketa kimiko batean, hasierako substantziek -kasu honetan erreaktiboak izena dute- beren artean erreakzionatu eta beste batzuk eratzen dituzte, produktu izenekoak eta oso propietate ezberdinak dituztenak. Prozedura fisiko baten bidez ezinezkoa da atzera itzultzea (ez berotuz, ez hoztuz, ez iragaziz, ez lurrunduz, ez beste inola). Prozesu hori maila mikroskopikoan gertatzen da: erreaktiboak osatzen dituzten atomoen arteko loturak apurtu egiten dira, eta atomo horiek berrantolatu, lotura berriak sortu, eta hasierakoez bestelako substantzia bat edo gehiago sortzen dituzte. Prozesu hori ikusteko, "lupa kimiko" berezi bat beharko genuke, maila molekularrean zer gertatzen den erakusteko. Hala ere, behatzaile onak bagara, "luparik gabe" egin dezakegu, izan ere, erreakzio kimiko batzuetan badaude zenbait kanpo-aldaketa, gertatu denaren adierazle; esate baterako:

  • Prezipitatu solidoak agertzen dira.
  • Gasak askatzen dira (burbuilak).
  • Hasierako tenperatura igo edo jaitsi egiten da.
  • Kolore-, usain- edo zapore-aldaketak gertatzen dira.

Baina, kontuz! Aldaketa fisiko batzuetan ere izaten da kolore-aldaketarik, baina ez dago, horregatik, erreakzio kimikorik (uretara koloratzailea botatzen dugunean, adibidez).

Gai al gara aldaketa fisikoak eta kimikoak bereizteko? Jantzi mantalak, eta goazen laborategira!

Ataza: Iker ditzagun aldaketa fisikoak eta kimikoak

Iraupena:
2 saio
Taldekatzea:
bikoteka

Jarri binaka eta goazen laborategira. Han 10 "ikerketa-estazio" aurkituko dituzue, zenbakituta eta hainbat mahaitan banatuta. Horietako bakoitzean material bat eta jarraibide batzuk daude esperientzia bat egiteko; izan daiteke aldaketa fisiko bat edo kimiko bat.

Irakasleak esango du bikote bakoitza zein mahaitan hasiko den, baina denek mahi guztietatik pasa behar dute, hurrenkeran. Mahai bakoitzean, egiteko jartzen duena egin, eta emaitzak egiaztapen-zerrenda batean idatzi.

Mahai bakoitzean lan egiteko denbora mugatua izango dugu; horrela, estazioz aldatzen joango gara, gutxi gorabehera denok batera, hau da, batean amaitu dugunean, hurrengo estaziora sartu ahal izango gara.

Esperientzia guztiak oso errazak badira ere, eta minutu gutxitan egin badaitezke ere, batzuetan besteetan baino gehiago gelditu behar izaten da; horregatik, pazientzia izan behar da aldaketa egitean, lankideak estutu gabe.

Jatorrizko aurkezpena dokumentu-biltegian eskura daiteke, eta formatu editagarrian edo pdf formatuan deskargatu.

Ataza: partekatzen eta osatzen

Iraupena:
Saio bat
Taldekatzea:
Talde txikietan eta talde osoa

Berriro taldeka jarri, gure esperientzien emaitzak eta ondorioak besteei azaltzeko. Gero, bideoak ikusi, eta atzera egiaztapen-zerrendara itzuliko gara, eta azalpena osatu, beharrezkoa baldin bada.

Irakaslearen laguntzaz, aldaketa fisiko eta kimikoei buruz ditugun zalantza guztiak ikasgelan komentatuko ditugu.

Manuel Díaz Escalera irakaslearen ( FQ Experimentos ) eta Tesla Wegener kanaleko bideoak.

Hausnarketa eta ebaluazioa

Ataza amaituta, hartu ikasketa-egunerokoa eta egin dezagun hausnarketa, orain da-eta horretarako momentua. Hona iradokizun batzuk:

  • Zer ikasi dut?
  • Prozesuan zehar zerk harritu nau gehien? Zergatik?
  • Aldatu al dut aurretik neukan iritzirik? Zein?
  • Zer izan da zailena? Zergatik?

Ebaluazioa

Balioespen-eskala hauek erabili atazak balioesteko:

Laborategiko lana laborategiko lanaren balioespen-eskala generikoaren bitartez (deskargatu formatu editagarria: odt, eta pdf).

Zeregina lan-guneen ebaluazio-eskala honekin ebaluatuko da (deskargatu formatu editagarria, odt, eta pdf):

Ondoko lizentziak babestua Creative Commons: aitortu-PartekatuBerdin 4.0 Lizentzia

Creado con eXeLearning (Ventana nueva)