Saltatu nabigazioa

Mediterranioko misterioa.

Garai batean, Gibraltarreko itsasartetik igarotzen ziren marinelak bitxikeria batekin harrituta geratzen ziren. Bazekiten bazela korronte indartsu bat Atlantikotik Mediterraneora, baita Mediterraneoa lurrez inguraturik zegoela ere. Ibai askok isurtzen dute ura itsaso horretara, baina, hala ere, itsasoa ez dator gora eta gora.

Screenshot from NASA World Wind, Wikimedia commons. Mediterranean sea (CC0)

Nola gerta daiteke hori? Nola gerta daiteke ura sartzea eta ez ateratzea? Barruan beste zerbait dago, ala?

Erraza da! Fisikarekin eta kimikarekin dauka zerikusia, inondik ere. Ikusi nahi? Egin dezagun esperimentu bat.

Ataza: egin dezagun Gibraltarreko itsasartearen modelo bat.

Iraupena:
2 saio
Taldekatzea:
Taldeka

Taldetan banatuko gara laborategian lan egiteko. Lehenik eta behin, pentsa dezagun ea, itsasoan aurki ditzakegun aldagai guztien artean, zein diren gure arazoa aztertzeko esanguratsuenak.  Gure hipotesia taxutzen dugunean, eta betiere datu errealetan oinarriturik, Gibraltarreko itsasartearen modelo bat eraikiko dugu, zer gertatzen den esperimentatzeko. Amaitzeko, ondorioak atera, gero gure azken txostenean jasotzeko.

 

1) Gure hipotesiak planteatuko ditugu

Zerk eragiten du ura Atlantikotik Mediterraneora joatea? Faktore hauen artetik, aukera ezazue zein diren egokienak gure kasua aztertzeko, baina -ez ahaztu- baliteke batzuk besteen menpe egotea:

  • Sakonera desberdina.
  • Fauna desberdina.
  • Gazitasun desberdina.
  • Kolore desberdina.
  • Dentsitate desberdina.

Aukeratu ez ditugun aldagaiak (gure ustez ez dute eraginik ikerketan):

Aukeratu ditugun aldagaiak (gure ikerketarako esanguratsuak direnak):


2) Esperimenta dezagun

Itsaso eta ozeanoen gazitasuna neurtuta dago. NASAk eta ESAk neurtu dute, Aquarius (2011) eta SMOS (2010-14) proiektuen bidez hurrenez hurren. Hona hemen emaitzak:

itsasoak eta ozeanoak Gazitasuna (kontzentrazioa g/L)
Itsaso Baltikoa. 18
Iparraldeko itsasoa 32
Ozeano Atlantikoa eta Ozeano Barea. 33
Mediterraneo itsasoa 38
Itsaso Gorria. 43
Itsaso Hila 230

Datu horietan oinarrituta, Gibraltarreko itsasartearen modelo bat egingo dugu. Nola? Ontzi handi bat behar dugu, eta bi disoluzio prestatu: batak, Mediterraneo itsasoarena egingo du; eta, besteak, ozeano Atlantikoarena.

Materialak:

  • Gatza.
  • Elikagai-koloragarria.
  • Prezipitatu-ontziak.
  • Koilarak.
  • Ziriak.
  • Arrain-ontzi (pezera) edo ontzi zabal bat.
  • Balantza.

Prozedura:

  1. Kontzentrazio horiek erreferentziatzat hartuz, bi gatz-ur disoluzio prestatu.
  2. Kontzentraziorik handiena duen disoluziora koloratzaile-tanta batzuk bota.
  3. Arrain-ontzia edo ontzi zabala hartu, eta, lehenengo, kontzentrazio diluituena bota, eta, gero, gutxika-gutxika, kontzentratua. Ikus dezagun zer gertatzen den.

Irudi hauek zientzia-festa batean hartuak dira.


3) Ondorioak atera

Taldeka banatuta, galdera hauei erantzun behar diezue; ondo pentsatuta eman erantzuna. Ondoren, ikertutako guztiarekin txosten bat egin beharko duzue. Idazten amaitzen duzuenean, irakasleak lagunduta, zuen bozeramaileak ondorioak denen aurrean azaldu beharko ditu, eta, horrela, gela-kide guztien artean, ondorioak aberastu egingo ditugu.

  • Zer gertatzen da bi disoluzioek topo egiten dutenean? Azaldu ezazu zergatik.
  • Marinelek Mediterraneo aldera doan korronteari bakarrik igarri zioten; zergatik?
  • Disoluzio batean, zer zerikusi du kontzentrazioak dentsitatearekin?
  • Gatz-kontzentrazioaz gain, tenperatura da itsas korronteetan eragina duen beste faktoreetako bat. Mediterraneo itsasoan, haizeak eta intsolazioak lurruntze handia eragiten dute. Hori dela-eta, gazitasun-maila handitu egiten da, baina berdindu ere egiten da, ozeano atlantikotik datorren ur hotzagoarekin batez ere, ibaietako ur-ekarpenarekin eta euriteekin baino gehiago. Zer esperimentu diseina genezake faktore hori egiaztatzeko?
  • Itsaso-ozeanoetako gazitasun-bariazioek eragin handia dute zirkulazio ozeanikoan, eta lotura estua dute planetako ur-zikloarekin. Datu horiek klima-aldaketari buruzko informazio baliotsua ematen diote komunitate zientifikoari. Hona hemen simulazio bat, 2010-2014 aldian itsasoetan eta ozeanoetan gazitasuna nola aldatu zen ikusteko. SMOS proiektuaren barruko ikerketaren emaitzak dira. Iparraldeko polotik gertu dauden eremuei erreparatzen die. Zer ondoriozta dezakezu?
ESA. Five years of global sea-surface salinity from space

Ataza: Banakako lana

Iraupena:
Saio bat
Taldekatzea:
Norbanako lana

Zientzialaria izateak, esperimentazioa ez ezik, emaitzak komunikatzea ere badakar berekin. Horretarako, azalpenak ondo ematen jakin beharra dago; bada, gai garela erakusteko aukera polita dugu banakako lan hau, argumentazio-testu baten eskema lagun:

ARGUMENTAZIO-TESTU BATEN ZATIAK.

SARRERA: Lerro bat edo bi, jorratu behar dugun gaiari hasiera emateko. Nahi baldin baduzue, tesia zein den aditzera eman, gerorako utzi gabe.

ARGUMENTOA: Hauxe da zati garrantzitsua. Tesia hemen azaldu behar duzue, hau da, zer iritzi duzun gaiaz, eta zer arrazoi dituzun iritzi hori defendatzeko.

ONDORIOA: Amaiera da. Laburra izan behar du. Hemen, zure tesia argi utzi behar duzu, eta, laburbilduta, defendatzen dituzun arrazoi garrantzitsuenak ere azaldu.


Hauxe da ataza:

Imajina dezagun denboraren makina bat daukagula eta iraganera itzuli ahal izan garela. Hara: marinel batzuen artean agertu gara. Denak ere itsasoan ondo zailduta daude, baina ez dakite Mediterraneoak zergatik ez duen gora egiten. Hori jakin nahi dute. Txosten bat idatzi, ilustrazioak eta guzti, zer gertatzen den marinel horiei azaltzeko. Kontuan izan txostenean azalduko dugun horrek berez ez dirudiela oso zentzuzkoa, ezin dela begiz ikusi; hortaz, ondo baino hobeto arrazoitu behar dugu zer esan nahi dugun.

Hausnarketa eta ebaluazioa

Ataza amaituta, hartu ikasketa-egunerokoa eta egin dezagun hausnarketa, orain da-eta horretarako momentua. Hona iradokizun batzuk:

  • Zer ikasi dut?
  • Prozesuan zehar zerk harritu nau gehien? Zergatik?
  • Aldatu al dut aurretik neukan iritzirik? Zein?
  • Zer izan da zailena? Zergatik?

Ebaluazioa

Balioespen-eskala hauek erabili atazak balioesteko:

Laborategiko lana laborategiko lanaren balioespen-eskala generikoaren bitartez (deskargatu formatu editagarria: odt, eta pdf).

Ikerketa ebaluatuko da ikerketa zientifikoko lan baten balioespen-eskala honekin (deskargatu formatu editagarria: odt, eta pdf).


Lana Idatzizko txosten zientifiko baten balioespen-eskala honekin baloratuko da (deskargatu odt formatu editegarrian eta pdf formatuan)

 



Ondoko lizentziak babestua Creative Commons: aitortu-PartekatuBerdin 4.0 Lizentzia

Creado con eXeLearning (Ventana nueva)