Saltatu nabigazioa

Homeopatia

Homeopatia terapia alternatibo bat da, Samuel Hahnemann-ek asmatua 1796an. Sendabide homeopatikoak substantzia bat uretan pixkanaka diluituz prestatzen dira. Behin eta berriz diluituz, azkenean, substantziaren arrasto txiki bat besterik ez da geratzen; are gehiago, gerta daiteke jatorrizko substantziaren molekula bakar bat ere ez geratzea.

Bach-Loreak
Bru-No, Piaxabay. Bach-Loreak (CC0)

2011n Osasun Ministerioak ikerlan independente batzuk eskatu zituen; bada, haietan ikusi zenez, plazeboaren pareko eraginkortasuna dauka homeopatiak, eta, gainera, ez dago nahikoa frogarik esateko ez daukala ondorio sekundariorik.

Hala ere, jende asko dago terapia horren eta antzeko beste batzuen zale, baita medikuntzako profesionalak ere, zenbaitetan produktu horiek botiketan saltzeraino, baita -herrialde batzuetan- osasun publikoaren barruan egoteraino ere.

Disoluzioei buruz asko dakigun honetan, gai gara arlo horri buruz ikertzeko.

Ataza: diluitzen, diluitzen...

Iraupena:
2 saio
Taldekatzea:
Taldean eta nork berea

Taldeka, goazen laborategira lanera, ea konpontzen dugun homeopatiaren inguruko dilema hau. Ondorioak atera ondoren, zuetako bakoitzak txosten bat aurkeztu behar du, eta han azaldu ikertutakoa eta norberaren ekarpenak.

1) Laborategiko lana

Laborategian, taldeka, disoluzio bat egingo dugu, homeopatian egiten den bezala.

Europako eta Amerikako farmakopea homeopatikoetan gehien erabiltzen den metodoa "hahnemaniar" izenekoa da.

Metodo hahnemaniarra printzipio aktiboa pixkanaka ingurune likidoan diluitzean datza. Adibidez, substantziaren parte bat hartu eta disolbatzailearen 9 partetan nahasten bada, diluzio dezimal bat lortzen da, 1HH (hamartar hahnemanio) gisa adierazten dena; aldiz, 99 disolbatzaile-partetan diluitzen bada, diluzioa ehundarra da (1 EH). Azken hori erabiltzen da homeopatia-produktu gehienetan.

5 g azukreko diluzio ehundarra egingo dugu uretan (koilarakada heren bat).

Materiala.

  • Prezipitatu-ontzia.
  • Matrazea.
  • Koilara.
  • Irabiagailuak.
  • Balantza.
  • Erloju-beira.
  • Ura.
  • Azukrea.

Prozedura:

  1. Kontzentrazioa kalkulatu, baina ez ahaztu zer den 1E (ehundar) diluzio homeopatiko bat: Azukre parte 1, 99 ur partetan. Zein da disoluzio horren masa %a? Zer ur-bolumen behar dugu?
  2. Disoluzioa egin. Erloju-beirarekin disolbatzailea balantzan pisatu, prezipitatu-ontzira pasa, eta astindu, disolbatu arte. Disoluzio hori matrazera pasa, eta urarekin berdindu, disoluzioa osatu arte.

2) Kalkulatzen

Ondorioak atera aurretik, kalkulu batzuk egingo ditugu. Oso zenbaki txikiekin lan egingo dugunez, notazio zientifikora jo beharko dugu.

  1. Imajina dezagun ezen, oinarrizko disoluzio hori prestatu ondoren, diluzio gehiago eta gehiago egiten jarraitu behar dugula. Bigarrena egiteko, 2E -1/99 kontzentrazioa erabiliz-, pipetarekin lehenengoaren 1 mL hartuko genuke, eta 99 mL uretan diluituko genuke. Zenbat azukre dago erabili dugun mL horretan?
  2. Egin dugu 2E; orain, handik 1 mL hartuko dugu eta hirugarren diluzioa egin, 3E. Zenbat azukre dago hirugarren horretan?
  3. 30 E-ra arte diluzioak egiten jarraituko bagenu -kontzentrazio horixe baitute erremedio homeopatiko ohikoenek-, zer azukre-kantitate egongo litzateke azken disoluzio horretan?
  4. Kimikoki, ordea, jatorrizko substantziaren molekula bakar bat gutxienez seguru antzean aurkitu nahi baldin badugu, arrazoia, asko jota, 10-24  izan daiteke, hau da, 12E diluzio homeopatikoek dutena. Zer ondorio ateratzen dugu?
  5. Gainera, eta gai hau ere interesgarri da, hainbeste diluzio eginda, hasierako substantzia apur batekin produktu kantitate handiak presta daitezke. Kalkulatu denez, tanta batetik 1044 km3 prestakin homeopatiko (30EH) atera daiteke. Balio biribiletan, Lurraren bolumena 1012 km3koa da. Lurraren tamainaren zenbat esfera likido presta daitezke tanta horretatik abiatuta?

3) Informa gaitezen

Sendagai farmazeutiko bat neurrigabe hartzea guztiz kaltegarria da, eta pozoitu eta are hil ere hil gaitzake, baina horrelakorik ez da gertatzen produktu homeopatikoekin. Adibidez, 2011n antolatu zen kanpaina batean, hainbat lagunek prestakin homeopatiko batzuk neurri gabe hartu zituzten, denek aldi berean munduko hainbeste bazterretan (Merseyside Skeptics Societyk antolatu zuen (10:23 kanpaina)),  baina "gaindosi" haiek ez zuten inolako eraginik izan parte-hartzaileengan.

Rocío Vidal YouTuber zientifikoaren bideo honetan (“La gata de Schrödinger"), berak eta lagun batek antsietaterako produktu baten 64 pilula hartzen dituzte, "suizidio homeopatikoa” egitearren: ¿Funciona la Homeopatía?

La gata de Schrödinger. ¿Funciona la homeopatía? (CC BY)

 

4) Ondorioak

Egin dugu laborategiko ikerketa, inguratu dugu informazioa, eta orain, ondorioak atera behar ditugu. Lehenik, talde osoaren artean txanda bat egingo dugu eta, ondoren, eskema orokor bat egingo dugu. Jarraian, banaka, txosten bat idatzi, eta beste zer edo zer gehitu nahi baldin baduzue, gehitu. Txostenean hiru atal hauek jaso behar dira:

  • Egindako kalkulu guztiak oinarri hartuta, ondorio batzuk idatzi.
  • Ikuspegi zientifikotik, homeopatia fidagarria da? Arrazoitu zure erantzuna.
  • Diluzio homeopatikoek nola funtzionatzen duten beste norbaiti azaldu behar bagenio, nola egingo genuke?

Hausnarketa eta ebaluazioa

Ataza amaituta, hartu ikasketa-egunerokoa eta egin dezagun hausnarketa, orain da-eta horretarako momentua. Hona iradokizun batzuk:

  • Zer ikasi dut?
  • Prozesuan zehar zerk harritu nau gehien? Zergatik?
  • Aldatu al dut aurretik neukan iritzirik? Zein?
  • Zer izan da zailena? Zergatik?

Ebaluazioa

Laborategiko lana laborategiko lanaren balioespen-eskala generikoaren bitartez (deskargatu formatu editagarria: odt, eta pdf).

Ikerketa ebaluatuko da ikerketa zientifikoko lan baten balioespen-eskala honekin (deskargatu formatu editagarria: odt, eta pdf).

Lana Idatzizko txosten zientifiko baten balioespen-eskala honekin baloratuko da (deskargatu odt formatu editegarrian eta pdf formatuan)

Ondoko lizentziak babestua Creative Commons: aitortu-PartekatuBerdin 4.0 Lizentzia

Creado con eXeLearning (Ventana nueva)