Saltatu nabigazioa

- Gida didaktikoa -

GOMENDIO OROKORRAK

Gida honetan, Hezkuntza Baliabide Ireki (HBI) honen ezaugarriei eta erabilerari buruzko orientazio orokorrak daude, erabilitako metodologia-estrategiekin eta ebaluazioarekin batera. Baina, egitura berezia duela-eta, erronka bakoitzerako aparteko fitxa didaktiko bat eskaintzen da. Fitxetan orientabide zehatzak ematen dira, eta edukiak, landutako konpetentziak eta ebaluazio-proposamena zehazten dira.

PROIEKTUAREN CANVASa

Irakaslearen gida. Hezkuntza Baliabide Ireki hau nola erabili.

Hezkuntza Baliabide Ireki hau nola erabili.

DBHko 2. mailako Fisika eta Kimika arloko curriculuma lantzeko egin ditugun proposamen didaktikoetatik, “Materia-sistemak ikertzen” hirugarrena da. Ez da ohiko unitate didaktiko bat, ezta proiektu antolatu bat ere, askotariko arazo-egoera batzuk baizik, erronka txikien gisa planteatuak, eta, iraupenez, saio batzuetan egiteko modukoak. Erronka bakoitza ikerketa-jarduera batzuen bidez ebazten da, eta jarduerok zer edo zer ekoiztera daude zuzenduta.

Proposatzen ditugun erronka horiek testuinguru baten barruan jartzen dituzte curriculum-edukiak, eta irakasleentzat baliagarriak izan daitezke, bai eskolak hobeto osatzeko ideiak hartzeko, bai zuzenean aplikatzeko. Irakasleak erabakitzen du -hainbat unetan aplika baitaitezke- jarduera solteak aukeratu edo eduki guztiak lantzen joan. HBI honetako proposamenak laborategiko ikerketei buruzkoak dira batez ere, baina baditu jolaserako jarduera batzuk ere, baita PISAko gaiei buruzko eztabaidak ere.

Konpetentzia zientifikoa garatuko duten metodologia-estrategietan jarri da arreta berezia, baina gainerako konpetentzia giltzarriak ahaztu gabe.

  • Erronka edo arazo-egoera gisa planteatutako ikerketak.
  • Ikasketa-kooperatiboko eta talde-laneko dinamikak.
  • Izkinez izkin lan egingo dugu.
  • Jokoak.
  • PISAko itemen inguruan eztabaidan eta lanean.
  • IKTak erabiltzea.

ERRONKEN EZAUGARRIAK.

Dagoeneko baliabide asko dago eskuragarri irakasgai honetako gaiak garatzeko. Lan honetan, beste lerrabide bat eskaini nahi dugu, ikerketan oinarritutako ikasketa (Inquiry based learning) bultzatuz, baina irakaslearen gidaritzapean uneoro, aurkikuntza hutsaren bidezko ikasketaren ikuspegi bakuna alde batera utzita, eta argudiatzea eta pentsamendu kritikoa bultzatuko duten jardueretan arreta jarrita.

Oso garrantzitsua da azpimarratzea oinarrizko ezagutza ezinbestekoa dela ikerketan oinarritutako erronka bati heltzeko. Ikerketa-jarduerak eskatzen duen pentsamendua (hipotesiak egitea, esperimentazioa planifikatzea, emaitzak interpretatzea, ondorioak argudiatzea, etab.) ezin da gauzatu aldez aurretik behar diren ezagutzak izan gabe. Ezagutzak aktiboki eraikitze horretan, erronka bidezko ikasketa-teknikek ikaskuntza sakona eragin ahal izan dezaten, irakasleen lana ere beharrezkoa da (zuzeneko heziketa, kontzeptuen azalpena, adibideak, orientazioak, trebakuntza, etab.).

Edukien bloke honetarako proposatutako atazak eta jarduerak honako hauek dira:

Sukaldeko kimika

Ikasleek materia-sistemak identifikatu eta sailkatu, argazkiak atera eta taldean landu behar dituzte. 2 saio.

Koloideak

Jarduera ludiko honetan betiko “Flip Cardsak” erabiltzen dira, koloideen sailkapena indartzeko eta errepasatzeko. 1/2 saio.

Lapurtutako pastela

Ikasleek detektibe-lana egiten dute: polizia-kasu bat dute esku artean, eta lagin batzuk analizatu behar dituzte. Horretarako, nahasketak banantzeko metodoez ikasi dutena erabili beharko dute. 5 saio.

Lurzoruaren detektibeak

Ikasleek, ingeniariak bailiran, lan esperimental erraz bat egin behar dute, eta lortutako datuekin,  txosten bat idatzi behar dute eraikuntza-konpainia batentzat. 2 saio.

Estortsio-delitua

Estortsio-delitu baten erruduna nor den aurkitu behar dute. Tintak erabiliz egingo dute lan esperimental hau. 2 saio.

Kakaorik onena

Ikasleek kakaorik onena zein den ikertzen eta erabakitzen dute. Horretarako, kontzentrazio kimiko batzuk analizatu eta kimikoki prestatu, eta, azkenean, guztien artean dastaketa bat egiten dute. 2 saio.

Mediterranioko misterioa

Disoluzioei eta kontzentrazioei buruz dakitena aplikatuz, ikasleek ikertu behar dute Mediterraneoak zergatik ez duen gora egiten, nahiz eta, itxuraz, ez daukan irteerarik eta ura hartu besterik ez duen egiten ibaietatik eta Atlantikotik. 2 saio.

Homeopatia

Iker dezagun nola egiten diren homeopatia-diluzioak; gainera, haien kontzentrazioari buruzko galdera batzuk izango ditugu ebazteko. 2 saio.

Luparik gabeko kimika

Laborategiko esperimentazioa baliatuko dugu testuinguru akademikoa eraikitzeko. Egunero-eguneroko erreakzio kimiko erraz batzuetan zer gertatzen den ikusiz, aldaketa fisikoak eta kimikoak bereizi nahi dira. 3 saio.

Ogia

PISAtik askatuta dator item hau. Bertan, aldaketa fisiko eta kimikoaren kontzeptuak laburbiltzen dira, benetako egoera bati aplikatuta. Saio bat.

Ezpain-distira

Pisatik askatutako item honetan materiaren propietateak, disoluzioak eta dentsitatea lantzen dira. Saio bat.

11 erronka izango ditugu, 25 saiotan burutzeko. Hala ere, jarduera horietako batzuk ikasturtean zehar egin daitezke, beste gai batzuekin loturik. Batzuek, gainera, 4. DBHko Kultura Zientifikoko arlorako balio dute.

EBALUAZIOA

Hezkuntza Baliabide Ireki honen egitura berezia da, era askotako erronkak eta jarduerak ditu, elkarren artean gainjar daitezkeenak, gainera. Horregatik, ebaluazio-proposamen zehatz bat egin dugu erronka eta jarduera horietako bakoitzerako, balorazio-eskalak erabiliz. Irakasleak, zer ibilbide erabili nahi duen hautatu ondoren, beste ibilbide zabalago batean integratu beharko du, eta hor, nola ez, beste gauza hauek ere egongo dira: kontrol tradizionalak, ikasle bakoitzaren koadernoaren balorazioa eta sekuentzia didaktikoan egin daitezkeen beste lan edo produkzio batzuen balorazioa.

Erronketan oinarritutako ikaskuntza ezartzen bada, elementu metakognitiboak ere sartu behar dira haren ebaluazioan, prozesuan zehar lortu dituzten edo lortu ez dituzten ikaskuntzei buruz hausnartu ahal izan dezaten ikasleek. Ildo horretan, ikaskuntza autoerregulatzeko estrategiak inplementatzeak (adibidez, ikasketa-egunkariak, orientazio-oinarriak edo pentsamendu-errutinak aplikatzea) erraztu egiten du ikaslea bere lorpenez eta zailtasunez jabetzea.

Ebaluazio-proposamenak curriculumeko ebaluazio-irizpide eta -adierazle guztiak betetzen ditu, eta hainbat forma eta tresna biltzen ditu:

  • Ikaslearen autoebaluazioa.
  • Irakasleek egitea ebaluazioak kontrol-zerrenden bidez; kontzeptuak ez ezik, jarreren behaketa ere kontuan hartuta.
  • Eztabaidetarako eta gogoeta pertsonaletarako orientazio-galderak, ikasketa-egunkari gisa.

Ikerketa-jarduera guztietan, gaiarekin ez ezik, lan eta metodo zientifikoarekin zerikusia duten kontzeptu, prozedura eta jarrerei buruzko irizpide batzuk ere zehazten dira denentzako:

  • Metodo zientifikoaren aplikazioa praktikan jartzeko ikerketa-lan txikiak garatu ditu: zientifikoki iker daitezkeen arazoak identifikatu ditu, eguneroko gertakariak azaltzeko hipotesiak formulatu ditu, esperimentuetako datuak bildu, antolatu eta interpretatu ditu, eta azalpen arrazoituak eman ditu, hipotesia berresteko edo ez berresteko.
  • Laburbiltzeko txostenak egin ditu, behaketetatik edo esperientzietatik ondorioak ateratzeko, eta bere mailarako egokia den hiztegi zientifikoa behar bezala erabili du hiztegi zientifikoa.
  • Informazio esanguratsua identifikatu, hautatu eta interpretatu du zientzia-dibulgazioko testu batean.
  • Laborategiko oinarrizko materiala hautatu eta kategorizatu du, eta behar bezala erabiltzen.
  • Laborategiko oinarrizko segurtasun-arauak ezagutu eta errespetatu ditu, eta erabilitako tresnak eta materiala zaindu ditu
  • Sormen handia erakutsi du planteatutako galderei erantzunak bilatzerakoan.
  • Lan pertsonalean ahalegina eta autonomia erakutsi ditu, eta jarrera aktiboa eta arduratsua du zereginetan.
  • Talde-lanaren aldeko jarrera adierazi du, zereginetan lankidetza eta parte-hartze arduratsuko jarrerekin.
  • Eztabaidetan parte-hartze aktiboa izan du, arrazoiak eman ditu, eta txandak eta arrazoiak errespetatu ditu.
  • Naturaren gertakariak ezagutzeko jakin-mina eta interesa erakutsi du.
  • Ingurumenaren arloko testuinguru pertsonal eta sozialetan zientziak egiten dituen ekarpenak aztertu ditu modu kritikoan.
  • Zientzian aritzen diren pertsonen lana baloratu du, eta haiei buruzko ikuspegi estereotipatuaz jabetu da.

BIBLIOGRAFIA

Ondoko lizentziak babestua Creative Commons: aitortu-PartekatuBerdin 4.0 Lizentzia

Creado con eXeLearning (Ventana nueva)