Saltatu nabigazioa

Gomarik erresistenteena

Gomak eta elastikotasuna

Eguneroko bizitzako objektu askotan ikusten dugu indar elastikoa: ilerako gometan, entrenamendu-tenkagailuetan, slinkyetan, malgukietan oro har... 

Bill Ebbesen. Gomak (CC BY-SA)

Dagoeneko ezagutzen dugu Hookeren legea. Haren arabera, material guztiek dute konstante elastiko bat, indarra eta luzapena erlazionatzen dituena. Zenbat eta handiagoa izan haren balioa, gehiago kostatuko da materiala luzatzea. Material bakoitzaren araberakoa da; beraz, material bakoitzak bere konstantea dauka.

Gaitasun elastikoa gaindituz gero, materialak ez du berreskuratuko jatorrizko forma: horri elastikotasun-muga esaten zaio. Kontzeptu hori ingeniaritzan erabiltzen da, materialen erresistentzia kalkulatzeko

Ataza: zer gomak du erresistentzia handiagoa?

Iraupena:
bi saio/ bi ordu
Taldekatzea:
Taldeka

Dagoeneko, metodo zientifikoa ezagutzen dugu, eta badakigu nola ikertu metodo hori aplikatuta. Beraz, ikerketa bat egingo dugu, Hookeren legeak eskaintzen digun informazioaz baliatuta.

Rafa Ruiz. Dinamometroak   (CC BY-SA)

Ikerketa egiteko, lege horretan oinarritzen den laborategi-tresna bat erabiliko dugu: dinamometroa. Dinamometroak indarrak neurtzeko balio du. Dinamometroak zilindro garden bat dauka, neurriak dituena. Aldeetako batean, malguki bat du. Malguki horren alde bat dinamometroari lotuta dago; beste aldeak, berriz, kako bat du. Kakoari indarra aplikatzen zaionean, malgukia luzatzen da, eta, segun eta zenbat luzatzen den, dinamometroak adieraziko du zer indar egin den.

Ikerketa

Enpresa batek lan hau agindu digu: erabaki nahi dute zer goma-mota erosi behar duten folio-pakete bat biltzeko eta bezeroei seguruago bidaltzeko. Hainbat eratako gomak bidali dizkigute, goma horiek gomendatu dizkiete eta. Ematen du denak nahikoa luzatzen direla, baina jakin nahi dugu zein den elastikoena. Material hauek ditugu.

Materialak:

  • Hainbat goma
  • Folio-paketea
  • Erregela
  • Kakoak
  • Pisuak
  • Dinamometroak

 Taldeka jarriko gara. Talde bakoitzak hiru goma-mota aztertuko ditu, prozedura honen arabera:

  1. Lehenengo eta behin, jakin behar dugu zer luzeratako goma behar dugun folio-paketea biltzeko.
  2. Esperimentu bat diseinatu beharko dugu, egiaztatzeko zein den gomarik erresistenteena eta zergatik. Kontuan hartu behar da bulegoko goma bat, gehienez ere, bere hasierako luzeraren hirukoitza lortu arte luza daitekeela. 
  3. Gero, esperimentua egin behar dugu, eta emaitza-taula bat diseinatu. Emaitzak zein bere unitatean adierazi beharko dira.
  4. Eta, azkenik, ondorioak atera behar ditugu, eta txosten bat idatzi egindako lanari buruz; txostenean, goma jakin bat gomendatuko dugu.

 

Hausnarketa eta ebaluazioa

Ataza amaituta, hartu ikasketa-egunerokoa eta egin dezagun hausnarketa, orain da-eta horretarako momentua. Hona iradokizun batzuk:

  • Zer ikasi dut?
  • Prozesuan zehar zerk harritu nau gehien? Zergatik?
  • Aldatu al dut aurretik neukan iritzirik? Zein?
  • Zer izan da zailena? Zergatik?

Ebaluazioa

Zereginak ebaluatzeko, hau erabiliko da:

 Laborategiko lana laborategiko lanaren balioespen-eskala generikoaren bitartez (deskargatu formatu editagarria: odt, eta pdf).

 

Ikerketa ebaluatuko da ikerketa zientifikoko lan baten balioespen-eskala honekin (deskargatu formatu editagarria: odt, eta pdf).

escala de valoración

Creado con eXeLearning (Ventana nueva)