Material honetan, DBHko 2. mailako Fisika eta Kimikako "Indarrak" delako blokeko-edukiak lantzeko laugarren proposamen didaktikoa aurkezten da, "Ikertzen" izenburupean. Aurreko proposamenean bezala, ez da ohiko unitate didaktiko edo proiektu bat, baizik eta askotariko arazo-egoeren multzo bat, erronka txiki gisa aurkeztuta, zenbait saiotan lantzeko. Erronka horiek ikaslea piztu egiten dute, desafiorako prest jarri, eta egoera berezi bat konpontzen saiatzera behartzen ditu, inguruan duten munduarekin lotuta. Hori guztia, ikerketa-jarduera gidatuen bidez, azkenean, ikerketaren ondorioak biltzen dituen ekoizpen bat egiteko.
Geralt. Erronka (CC0)
Erronka horien bidez, edukiak testuinguruan jartzen ditugu, eta irakasleentzat baliagarriak izan daitezke, bai eskoletarako ideiak hartzeko, bai zuzenean aplikatzeko. Irakasleak erabakitzen du, gaiaren hainbat unetan aplika baitaitezke edo denak lotuta bestela, eduki guztiak landuz. Beste aukera bat ere badu irakasleak, alegia, gela bateko ikasleak aldi berean erronka bat baino gehiagotan edukitzea lanean, batzuk konplexuagoak besteak baino.
Oro har, elementu hauek agertzen dira erronka guztietan:
Egoera edo arazoa planteatzea
Atal bakoitzaren hasieran ideia bat planteatzen da, hainbat ikuspegitatik iker daitekeena. Ideia erakargarria eta hurbila da ikasleentzat.
Erronka sortzeko hasierako galdera
Gaiaren interesa islatzen duen funtsezko galdera batean zehazten da.
Erronka
Funtsezko galderak ikerketa bati ekiteko balio du, kasu honetan zientifikoa, eta ikasleek irtenbide bat aurkitzen diote. Ikerketa honek talde-lana eskatzen du beti..
Galderak, jarduerak eta gida-baliabideak
Ikasleek sortzen dituzte, eta konponbide bat arrakastaz lortzeko eta ikaskuntza-prozesurako baliabideak emateko beharrezkoa den ezagutza biltzen dute.
Erronkaren soluzioa
Planteatutako erronkek askotariko konponbideak sor ditzakete. Horietatik, landuena eta egingarriena aukeratzen da, inplementatu ahal izateko.
Bateratzea
Komeni da taldeek planteatutako konponbideak denei jakinaraztea eta ikasgelan eztabaidatzea. Eztabaida denboraren eta baliabideen araberakoa izango da.
Ebaluazioa
Etengabea izango da erronkak irauten duen bitartean. Ebaluazioaren emaitzek ikaskuntza berresten dute, eta erabakiak hartzen laguntzen dute, soluzioa ezartzen aurrera egin ahala.
Erronkak binaka edo talde txikitan lantzen dira normalean, dinamika kooperatiboak erabilita, baina baliteke banakako jardueraren bat ere egitea. Osatzeko, laborategiko ikerketak, simulazio digitalak, irakurketa zientifikoak, jolas-jarduerak eta PISAko gaiak lantzen dira.
Ikasleek ikerketa-koaderno bat eta ikasketa-egunkari bat izan beharko dituzte.
Ikerketa koadernoan erregistratuko da, eta, beraz, hipotesiak, esperimentuak eta emaitzen azterketa edo interpretazioa dokumentatzeko erabiliko da. Koaderno hau egunerokoa da, eta egindako esperimentu guzti-guztiak jasotzen dira bertan, izandako gorabeherak azalduz. Haren ezaugarri nagusia da argi eta garbi esan behar duela zer egin zen, nola egin zen, nork egin zuen eta noiz egin zuen.
Ikasketaren egunerokoan ikasleek gelan sortutako jarduerei eta proposamenei buruz idatziko dute, bai eta egunez egun planteatutako ideiei, iritziei eta esperientziei buruz ere. Horrela, metakognizio-prozesua abiaraziko da, honako gai hauei erantzunez: Eskatu didatena lortzen ari naiz? Lortuko dut amaitzea? Gehiago saiatu behar dut? Nire planari eutsiko diot edo aldatu egingo dut? Zer egin behar nuen eta zer egin dut? Garaiz nabil? Okertu egin naiz. Zer egingo dut? Zer ikasi dut horretatik? Etab. Ikasleak ikasketa-egunkarian jaso behar dituen gai batzuk irakasleak zehaztuko ditu unez une (hasieran, prozesuan zehar, amaitzean).