Saltatu nabigazioa

Indar misteriotsuak

Indar elektrikoak eta magnetikoak eta grabitate-indarrak

Zergatik ematen du Lurra eta beste planeta guztiak “flotatzen” ari direla Unibertsoaren handitasunean? Zer indarrek mantentzen ditu posizio horretan?

H. Smith eta L. Generosa. Grabitate-indarra (CC0)

Nabarmendu behar da ezen, indarrak parte hartzen duten egoera guztietan, esan daitekeela: ezin dugu indarrik ikusi, soilik dakigu indarra dagoela sortzen dituen efektuengatik.

Indar batzuk ikertuko ditugu (elektrikoak eta magnetikoak eta grabitazio-indarrak), eta ikusiko dugu zelan, objektu-pareen artean egiten diren indar horiekin, objektuek ez duten zertan elkar ukitu.

Ataza: objektuen arteko interakzioak

Iraupena:
Saio eta erdi
Taldekatzea:
Taldeka

Taldeka lan egingo dugu ikertzeko nola funtzionatzen duten indarren arteko interakzioek. Laborategian, hiru praktika egingo ditugu, eta ondorioak aterako ditugu.

1. praktika

Materialak

    • Plastikozko orrazia.
    • Txorrotako ura (sukaldekoa, adibidez).
    • Zeure ilea.
Peine y grifo
Pilar Etxebarria. Orrazia (Jabetza publikoa)

Prozedura

Orrazia hartu, eta hamar aldiz pasako dugu geure iletik. Orain, txorrota ireki, eta doituko dugu harik eta ur-txorrota txikia irten arte. Orrazia uretara hurbilduko dugu, ukitu gabe, eta... zer ikusten dugu? 

  • Hiru ohar idatziko ditugu.
  • Idatzi zer gertatzen den, zure ustez (bi gauza idatzi behar dira).
  • Idatzi zer galdetzen diozun zeure buruari (gauza bat)

2. praktika

Materialak

  •  5 freskagarri-lata huts
  • Pilota bat
  •  2 iman zuzen
  • Soka bat
  • Puxikak
  •  Plastikozko erregela bat
  • Gatza eta piperbeltza
  • Artilezko oihal bat
  • Kremaileradun poltsa bat
  • Burdina (edo beste objektu magnetiko batzuk)
  • Erretroproiektore bat (aukeran)

Imán
yeTis. Imana (Jabetza publikoa)

Prozedura

  1. 4 edo 5 freskagarri-lata huts hartu, eta pilo bat egingo dugu. Pilota errodaraziko dugu latetarantz, harik eta latak jo arte.
  2. Iman zuzen bat jarriko dugu sokatik zintzilik. Beste iman zuzen bat erabiliko dugu poloek elkarrengandik aldaratu daitezen eta sokako imana jira dadin. Imanek ez dute elkar ukitu behar.
  3. Mahaiaren ertzetik, objektu metalikoz beteriko poltsa kremaileradun bat itsatsiko dugu, libre gera dadin. Iman zuzen bat erabiliko dugu objektu magnetikoak erakartzeko poltsan; horretarako, poltsa aurrerantz eta atzerantz kulunkatuko dugu. Oraingoan ere, imanak ez du poltsa ukitu beharko.
  4. Pilota airean mantenduko dugu, eta jausten utziko dugu distantzia batetik. Lurrera heldu baino lehenago hartuko dugu pilota.
  5. Artilezko oihal batekin, puxika bat igurtziko dugu segundo batzuetan. Freskagarri-lata huts bat alde baterantz irauliko dugu. Latarekin puxika ukitu gabe, lata errodaraziko dugu bi objekturen artean, indar elektrostatikoa erabilita.
  6. Gatz eta piperbeltz pixkatxo bat botako dugu mahai gainean (erroproiektorea badaukagu, gatza eta piperbeltza pantaila gainean botako ditugu, eta erretroproiektorea isiotuko dugu, horman proiekta dadin gatzaren eta piperbeltzaren silueta). Artilezko oihal batekin, plastikozko erregela bat igurtziko dugu segundo batzuetan. Erregela gatzaren eta piperbeltzaren ondoan mantenduko dugu.

Esperientzia horiek egin eta gero, hurrengo koadroa beteko dugu. 3. zutabean, deskribatu behar da zer gertatzen den bi objektuk elkar eragin dutenean; 4. zutabean, zehaztu behar da ea objektuek, elkarri eragiten diotenean, elkar ukitu duten ala ez, eta, 5. zutabean, identifikatu behar da zer indar-mota egiten den.

1. objektua

2. objektua

Zer gertatzen da objektu biek elkar eragiten dutenean? Objektuek elkar ukitzen dute? Zer indar-mota ikusi da?
Pilota bat Latak
1. imana 2. imana
Imana Burdinezko txirbilak dituen poltsa
Puxika Lata
Erregela Gatza/Piperbeltza

Ondorioak

  • Objektuek elkar ukitu behar dute elkarri indar egiteko? 
  • Zer indar-motek ez dute behar objektuek elkar ukitzea?

 

3. praktika

Materialak

  • Zinta
  • 2 lastotxo
  • Soka (gutxi gorabehera, 20 cm luze)
  • Paperezko orria

Hasi baino lehenago, gogoratu behar dugu ezen antzeko kargak dituzten partikulek indar aldaratzailea dutela eta kontrako kargak dituztenak, berriz, erakartzailea. Partikulen arteko erakartze- eta aldaratze-indar horri indar elektrikoa esaten zaio. 

Ley de cargas
Wikimedia Commons. Karga-legeak (CC BY-SA)

Prozedura

  •  Lastotxo baten mutur bati sokaren mutur bat itsatsiko diogu.
  • Sokaren beste muturra, berriz, mahaiaren ertzari itsatsiko diogu, lastotxoa zintzilik gera dadin, libre.
  • Papera lastotxo baten kontra igurtziko dugu. Horrela, karga negatiboa duten partikulek salto egingo dute papereko lastotxoaren gainean, eta igurtzi den lastotxoak karga negatiboa izango du.
  • Zenbat eta gehiago igurtzi lastotxoa paperaren kontra, orduan eta partikula negatibo gehiagok salto egingo dute lastotxora.

Ikerketa-galderak

  1. Zer gertatzen da baldin eta lastotxo bat partikula negatiboekin kargatzen badugu eta besterantz mugitzen badugu?
  2. Zure ustez, zergatik gertatzen da hori?
  3. Lastotxoa luzaroago igurtzita, bada alderik lastotxo biek elkarri eragiten diotenean? Zergatik?
  4. Zer gertatzen da baldin eta, lastotxo biak partikula negatiboekin kargatu, eta elkarrengana hurbiltzen baditugu?
  5. Zure ustez, zergatik gertatzen da hori?
  6. Non ukitu behar dute elkar lastotxoek elkarri indar eragiteko? Zer indar mota ikusten dugu esperimentu honetan?

Ataza: auto-lasterketa bat diseinatuko dugu

Iraupena:
bi saio/ bi ordu
Taldekatzea:
Taldeka

Jarduera praktiko modura, jostailuzko auto bat diseinatuko dugu, esku librekoa, kontakturik gabeko indarrak soilik darabiltzana —aurreko jardueran ikertutako indarren modukoak—.

Talde bakoitzak bat diseinatu eta probatuko du, eta txosten bat idatziko du. Autoek A puntu batetik B puntu bateraino joan beharko dute. Gero, lasterketa bat antolatuko dugu gelan. Lasterketa irabazteko, auto batek denborarik onena lortu behar du. Talde bakoitzak labur-labur azaldu beharko du nola diseinatu duen autoa.

 Hona baldintzak:

  • Behin irteera-lerroa igaro eta gero, ezin da autorik ukitu. Autoa mugiarazteko, kontakturik gabeko indarrak soilik erabil daitezke; esaterako, magnetismoa edo indar elektrostatikoa. 
  • Gure auto-modeloa diseinatzeko, material hauek erabil ditzakegu: sokak, zintak, imanak, liburuak arrapaletarako, artilezko oihalak, paper-eustekoak, erregelak eta orraziak, eta abar...

Irabaz dezala onenak!

Artem Beliaikin. Jostailuzko autoak (Jabetza publikoa)

Hausnarketa eta ebaluazioa

Ataza amaituta, hartu ikasketa-egunerokoa eta egin dezagun hausnarketa, orain da-eta horretarako momentua. Hona iradokizun batzuk:

  • Zer ikasi dut?
  • Prozesuan zehar zerk harritu nau gehien? Zergatik?
  • Aldatu al dut aurretik neukan iritzirik? Zein?
  • Zer izan da zailena? Zergatik?

Ebaluazioa

Zereginak ebaluatzeko, hau erabiliko da:

 Laborategiko lana laborategiko lanaren balioespen-eskala generikoaren bitartez (deskargatu formatu editagarria: odt, eta pdf).

Ikerketa ebaluatuko da ikerketa zientifikoko lan baten balioespen-eskala honekin (deskargatu formatu editagarria: odt, eta pdf).

Lana Idatzizko txosten zientifiko baten balioespen-eskala honekin baloratuko da (deskargatu odt formatu editegarrian eta pdf formatuan)

Ahozko azalpenerako, zientzietako ahozko aurkezpen baterako balioespen-eskala erabiliko dugu (deskargatu odt formatu editagarrian eta pdf formatuan).

Creado con eXeLearning (Ventana nueva)